DONOSTIAN, BIZI-KALITATE ONA

Espainiako iparraldean dago Donostia, Frantziako mugatik 20 kilometrora.

Gipuzkoako hiriburua da, 186.000 biztanlekoa, eta hiri txikia eta erosoa da, batetik bestera erraz ibiltzeko modukoa, oinez zein askotariko garraio publiko bidez.

Mugikortasun jasangarrirako plan bat ere badu hiriak, eta hainbat ekintza biltzen ditu garraio publikoa eta motorrik gabeko garraiobideak sustatzeko, kaleak oinezkoentzat egiteko eta bidegorriak ugaritzeko.

Gaur-gaurkoz, 30 km bizikleta-errei baino gehiago dago, eta, estimazioen arabera, hiri barruko joan-etorrien erdia baino gehiago oinez edo bizikletan egiten dira. Horrenbestez, auto-ilararik gabeko hiria da.

Aurrerapena eta kohesioa

Estatuko percapita errenta handienetako bat izateaz gainera, heziketa-maila handiko populazioa du Donostiak: hiritarren % 34k goi-mailako ikasketak ditu eta % 70k batxilergo-ikasketak edo hortik gorakoak.

Heziketa-zentroen sare zabala du, baita kalitate handiko saltokiena ere; horrenbestez, aurrerapen eta kohesio-maila handiko hiria da, eta ez dago desberdintasun handirik auzoen artean.

Ehun ekonomikoa

Biztanleen batez besteko errenta 34.600 eurokoa izatez gain, Donostiako ehun ekonomikoak potentzial handia du, eta bertako ikerketa-zentroen, unibertsitateen eta enpresen sareak berrikuntza-ekosistema aberats bat eratzen du.

Gainera, Donostiako zerbitzuen sektoreak jarduera ekonomiko osoaren % 88,7 hartzen du, eta bestelako enpresa kontsolidatuek kalitatezko lanpostuak eskaintzen dituzte puntako hainbat esparrutan, hala nola nanoteknologian, IKTetan, energian, zahartze eta osasungintzan, makina-erremintan, garraioan….

Bizi-kalitatea / Jasangarritasuna

Donostiako biztanleen bizi-kalitate onaren atzean hiriaren segurtasun-maila handia ere badago, baita jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin duten konpromisoa ere.

Alde batetik, airearen kalitatea neurtzeko estazio-sare finko bat du Donostiak, eta haren arabera, egunen % 94tan baino gehiagotan kalitate ona du aireak.

Bestetik, ur- eta saneamendu-sareak hiriaren beharrak asetzen ditu, bai kantitateari bai kalitateari dagokienez. Halaber, hiri-berdegune asko eta asko daude, baita parke, lorategieta haurrek jolasteko eremuak ere, sarbide errazekoak eta zirraragarriak.

Kultura eta aisia

Hiri kulturala da Donostia, aisialdiko ekintzez betea eta helmuga turistikoen artean aukeratuenetakoa.

500.000 turista baino gehiagohartzen ditu urtero, bertan izaten baitira Zinemaldia, Jazzaldia, Musika Hamabostaldia, Surfilm Festibala eta Beldurrezko Zinemaren Astea.

2016an Europako Kultura Hiriburua ere izan zen.Baina eskaintza kulturala hori baino handiagoa da: Zinema-aretoen, museoen, liburutegien eta kulturguneen sare zabala du Donostiak.

Gainera, itsasoa, mendia eta ibaia han bertan egonda, askoz aberatsagoa da hiriaren aisialdirako aukera-sorta: surfean aritzeko hondartzak, golf-zelaiak, hipodromoa, izotz-pista…

Gastronomia

Munduan Michelín izar gehien dituen hiria ere bada Donostia.Hain zuzen, munduko hiri bakarra da, Parisekin batera, hiru izar dituzten (kalifikazio gorena) hiru jatetxe dituena. Euskal Sukaldaritza Berriaren ordezkari dira, besteak beste, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Martin Berasategui, aipatutako hiru Michelín izarrak dituzten hirurak, eta hirurek dituzte beren jatetxeak Donostian.

Haiez gain, Mugaritz jatetxea, Donostiako erdigunetik 10 kilometrora dagoena, munduko laugarren jatetxerik onentzat jotzen da. Baina Donostia munduko pintxoaren hiriburutzat ere hartzen da: oso ezagunak dira hiriko alde zaharrean miniaturazko sukaldaritza-artelan horiek dituzten tabernak.

Eta hori guztia gutxi balitz, Basque Culinary Centerere Donostiandago, gastronomia eta elikadura ikertu, berritu eta sustatzeko helburua duen mundu mailako puntako erakunde akademikoa.

Arkitektura

XVI. mendeko eliza gotiko bat, XVIII. mendeko basilika barroko bat, BelleÉpoque garaiko eraikinak, jauregiak, eraikin arrazionalistak, artelan garaikideak…

Donostiako arkitekturan tradizioa eta abangoardia uztartzen dira. Kontxako badia da hiriko paisaian nagusia, baita garapen arkitektoniko modernoa ere, XIX. mendearen erditik aurrera abiatutakoa, zeinak itxura frantses eta burgestua eman baitio hiriari, mundu guztiko turisten bisitak erakarriz.

Gaur egun, hiriko azpiegitura zabalari, ostatu-eskaintzari eta kokapen estrategikoari esker, askotariko nazioarteko jaialdi, kongresu eta biltzar hartzen ditu urte osoan zehar.