Select Page
Itziar Estévez ECO14 London hitzaldian. Fuente: ecosummitTV

Itziar Estévez ECO14 London hitzaldian. Iturria: ecosummitTV

Itziar Estévez ingeniariak San Sebastian Connecting Talent I. Saria jasoko du datorren martxoaren 15ean; hau da, Donostiako profesionalak edo hiriarekin harreman estua izan dutenak saritzen dituen saria, ikerketa, enpresa edo berrikuntzan alderdi askotan nazioartean ibilbide nabarmena izan dutenak, hain zuzen ere. Donostiako berrikuntzaren Urrezko Danborra bezala hartzen da, eta jasotzen duen pertsona Donostiaren enbaxadore bilakatzen da, Europan berrikuntzako postu nabarmenetan ezarritako hiriaren dinamismoaren adierazle. Irungo Itziar Estévezek ingeniaritza ikasi zuen Tecnun Ingeniari Eskolan, BMW edo Boston Consulting Group bezalako enpresetan lan egin du, eta Donostiako konpainia txikiei beren negozioetarako inbertsiogileak edo bazkideak lortzen lagundu die. Gaur egun, Siemens enpresan egiten du lan, Munichen.

Donostia bizitzeko eta lan egiteko hiri ezin hobea da. Bizi-kalitatea, aisia, gastronomia eta natura batzen zaizkio ekosistema berritzaileari. Besteak beste, 34 ikerketa-zentro daude, 5.000 ikertzaile baino gehiago, balio erantsiko 19.000 enpresa, unibertsitate-ikasketak dituen %33ko biztanleria-tasa eta I+G arloko inbertsioa %2,7koa, Europako batez bestekoa baino handiagoa. Connecting Talent laguntza-programa oso bat da, beste herrialdeetako profesional kualifikatuak erakartzeko edo gure mugetatik kanpo espezializazio altuko eta balio erantsi handiko eremuetan lan egiten duten donostiarrak hirira itzultzea errazteko helburua duena.

Testuinguru horretan sortu da Connecting Talent saria, bikaintasunaren bitartez, Donostiaren izena enpresaren, ikerketaren, irakaskuntzaren eta abarren munduko elitean kokatu duen pertsona saritzeko asmoarekin. Lehen edizioko saria Itziar Estevezentzat izango da, eta datorren martxoaren 15ean Miramar Jauregian egingo den ekitaldian emango diote.

Itziar Estévez

Irunen jaio zen, eta Frantziako eskolan ibili zen. Parisen selektibitatea egin ondoren, ingeniaritza-ikasketak Donostiako Tecnunen egitea erabaki zuen. Erasmus bekarekin TUM-era joan zen (Municheko Unibertsitate Teknikoa), eta karrera-amaierako proiektua BMWn egin zuen. Enpresa horretan hasi zuen ibilbide proiektua ekoizpeneko ingeniari gisa, Municheko fabrikan, lau urtez.

Ondoren, MBA ikasi zuen London Business School-ean Ramon Areces Fundazioaren bekari esker. MBAn zehar, hainbat erakunderekin egin zuen lan inbertsioen eta Venture Capitalaren inguruan: Investec, The Parthenon Group eta Boston Consulting Group. Azken erakunde horrekin Private Equity taldea garatu zuen Londresen.

Bi urte beranduago, Munichera itzultzea erabaki zuen inbertsioen eta berrikuntzaren munduan aritzeko, eta Siemens Venture Capital-erako lan egin zuen. Teknologiako enpresa txikiak finantzatzen bederatzi urte aritu ondoren, aurrerapen teknologikoen komertzializazioa erraztu zuen honako hauek bezalako puntako eremuetan: zibersegurtasuna, software industriala, energia-eraginkortasuna edo adimen artifiziala.

2002. urteaz geroztik, atzerrian bizi izan arren, Itziar Estévezek harreman estua izan du Donostiarekin, maila pertsonal nahiz profesionalean. Gogoratu hirian egin zituela ikasketak. Hiriko hainbat teknologia-konpainia txikiri lagundu die inbertsiogile potentzialak edo bazkide industrialak lortzen, sare profesional zabala aktibatuaz; tartean aurkitzen dira, esate baterako, Buntplanet edo Enigmedia. Halaber, lan egin du Euskal Herrian ezarritako konpainia, aholkularitza, ikerketa-zentro edo berrikuntza-foroekin (CAF, OTEIC Taldea, Tecnalia, Tecnun, Foro Mundi).

Urteak igaro ahala, Itziar Estévezek harremanen sare zabala egin du start-up, berrikuntza eta industriako ekosistemetan, nazioarte-mailan (Alemania, Frantzia, Erresuma Batua edo AEB), eta sare horretatik etekina atera dezakete Donostiako erakundeek. Beka ugari jasotzeaz gain, honako hauek bezalako enpresa arrakastatsuetako zuzendaritza-batzordeetan inbertitu eta parte hartu du: Black Duck, Plarion, Wurldtech, Encelium edo LogRhythm.

Saria bantzeko ekitaldia

San Sebastián Connecting Talent saria emateko ekitaldia martxoaren 15ean egingo da, Miramar Jauregian, eta bertan izango dira gonbidatu gisa hiriko ikerketa-zentro, unibertsitate, enpresa eta erakunde ezberdinetako ordezkariak. Donostiako Iñigo Aristegui artistaren eskultura jasoko du irabazleak, Donostiako badia sinbolizatzen duena hiriko hiru elementu nagusiren bitartez: Igeldoko hareharria, burdina eta Kantauriko itsasoko ura, herdoildu duena, ehundura berezia emanaz.

 

San Sebastian Connecting Talent saria

San Sebastian Connecting Talent Saria, Iñigo Arístegui eskultorearen lana